Argiñetak bolondresak behar ditu

Indusketaren azkenengo kanpaina hasiko da maiatzean eta parte hartu nahi dutenei aukera emango zaie.

 

2012an Elorrioko Udalak hitzarmena sinatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaikoa erakunde publikoarekin Argiñetako gunean hiru urtez indusketak egin ahal izateko. 2014ko maiatzean indusketen azkenengo kanpaina izango da.

 

Hori dela-eta eta indusketek herritarrengan sortu duten interesari bide berri bat emateagatik, aurtengo kanpainan bolondresei indusketan parte hartzeko aukera emango zaie. Pertsona interesatuek izena emateko epea zabaldu berri da eta apirilaren amaierara artekoa da. Elorrioko Udalaren udal erregistroan egin behar da eskaria.

 

Lanak maiatzaren 5ean hasi eta ekainaren 20an amaituko dira eta pertsona interesatuek gutxienez astebeteko laguntza emateko aukera izango dute. Bost laguntzaile onartuko dira gehienez asteko.

 

Eskari guztien artean, lehentasunak ezarri behar izatekotan, herrikoa izatea eta interesdunak azaltzen dituen argudioak, ikasketak eta abar hartuko dira aintzat.

 

Elorrioko Udalak istripu asegurua ordainduko die parte hartzaile guztiei eta ez da onartuko 18 urtetik beherakorik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!