Kooperatibagintzatik hasita, Otxandioko Talleres Ochandiano eta Durangaldeko DIBA aipatuko nituzke, bigarren hori, Gerediaga Elkarteko zuzendaritzako kide zirela, Luis Gorroño eta bera izan zirelako aitzindari; nekazaritza alorrean Iturriaga&Dañobeitia fundazioan nire aurreko idazkari izan zen, besteak beste, Abornikanon Enbeitatarrek lantzeko errota eta lursaila erosi zuelarik erakunde horrek.
Kulturan, ez bakarrik euskalgintzan, ia hasieratik sartu zen Gerediaga Elkartean, zeren eta hamarkada horretan elkarte honek hainbeste ekintza sortu eta bideratu baitzuen.
Bittorrek hainbat arlotan jardun zuen; adibidez, San Blas eguneko feria famatua eraberritzen 1967an, eta Baserri saileko gainontzeko iniziatibetan; Zaldibarren, urte berean egin ziren antzerki jardunaldietan, Iñaki Beobide eta Ricard Salvat zirelarik ponente nagusi, han zen gure Bittor ere; gauza bera Mañarian antolatutako lehengo Euskal Herriko Ardi Txapelketan ere. Gainontzekoetan ere, ez zen urrun ibili.
Euskalgintzakoetan, preseski, 1965eko I Euskal Liburu eta Disko Azokan hurbildu zen Andra Mariko elizpera, eta, bigarrengotik aurrera, urterik zailenetan, lankide izan zen. 1968ko ekaineko azken hiru egunetan, han zen, Ermuan, gerraosteko Hego Euskal Herriko lehen Euskal Idazleen Biltzarrean; gero, handik hiru hilabetera, Arantzazun egingo zen Euskaltzaindiaren euskara batuari buruzko Biltzar sonatuan; Kirikiñoren mendeurrenean ere Bittor Mañarian eta abarretan. Hurrengo hamarkadetakoa bere lagun askok kontatuko digu Korostondo jatetxean.