Errioxa eta Arabatik Bizkaiko ekialdeko kostara zetorren antzinako bidea Durangoko uritik igarotzen zen. Hain zuzen hiru portuetara: Bermeo, Lekeitio eta Ondarroara.
Lekeitiok garrantzi handia zuen Erdi Arotik XIX mende arte. Flandriara (Brujas, Anberes, Dunkerke eta abar) Errioxako ardoak garraiatzen ziren, eta, handik, beste merkantzia batzuk ekarri, eta, noski, lekeitiar arrantzaleek harrapatutako arrainak, batez ere, Errioxako monasterio aberatsentzako. Horren ezaugarri, dirudienez, Lekeitioko elizak duen flandriar erretaula ikusgarria.
Lekeitiotik Gerrikaitzera behinolako galtzada oinbide ederra ondo izendatua jarri dute, historia jagonez, Oleta (Amoroto), Gizaburuaga, Aulesti eta Munitibarretik zehar. Lekeitioko Turismo Bulegoan ikusi nuen ibilbidea, ordea, Durangoraino luzatzen zela, baina erratu traketsekin, edonondik eginda.
Gerrikaitz Bizkaiko 20 urietatik bat da. 1366an sortua, hiru bider aipatzen du Durangoko Tabira karta-agirian, eta batean honako hau agintzen du: “Durangotik Lekeitiora doazen mando erreskadak Gerrikaiztik pasa bitez”. Gerrikaitzeko plazatxoan zelako argi ikusten den Durangotik zetorren bidea adierazgarria da.
Berandutu orduko, uri bion galtzada zehatz berreskura eta izendatu beharra dago. Oraindik gomutatzen ei zen Garaiko Solabizkarko Anjela Ormaetxea zelan entzuten zituen etxetik mandoak eta mandazainak Goiuritik Areatzan zehar. Nik dudan informazioaren arabera, URIA>Iurreta>Goiuria>Mandabideta!>Areatzagana>Lasiar (Garai eta Iurretako basoak)>Maumako Portaleta>Astoagana>Ganbe (Hanbre)>GERRIKAITZ. Gure ondare hori ondo jarri beharko litzateke, adineko auzoetako lekukoekin ziurtatuta. Tarteko udalek eta elkarteek badute lana.