Duela 34 urte, "La Gaceta del Norte" egunkarian artikulu bat idatzi nuen Durangaldeko errepide berriez, zeinetan aipatzen nuen horietako bat Goiuritik Oromiñorakoa izan zitekeela. Diputazioaren plangintzaren arabera, Artatzatik Lukuarreta punturaino egingo zen.
Garaiko Udalak, bere aldetik, lehenago eskatuta zeukan Duñatik Goiurira. Gogoratzen dut nola esan zigun Maribona Diputazioko bide-ingeniariak, errepide berriak eskatzerakoan zirkuitua burutzen zutenek izango zutela lehentasuna. 1983-1991 foru agintaldietan gauzatu ziren hamar urte lehenago planifikatutako zenbait errepide, hala nola Duñatik Goiurirakoa, horrela Gerediaga-Garai-Iurreta zirkuitua burutuz. Goiuriko Lukuarretatik Oromiñoko Artatzara oraindik ere egin gabe dago eta, ikusten denez, horrela jarraituko du betiko, zeren eta, une honetan, Aldundia udalen esku uzten ari da erramal mailako errepideak, Artatzatik Oromiñorakoa, Garaiko Santa Katalinatik San Juan Momoitiorakoa, Muntsaraztik Mendiolarakoa eta abar. Foru errepide saretik kentzen ari dira.
Lehen aipaturiko Maribona berak 80 hamarkadaren hasieran esandako beste hura ere gogoan dut: Oromiñotik Goiurirako errepidea egin gabe baldin badago, Durangoko Udalak interes handirik jarri ez duelako izan da, bestela, Duñatik Goiurirako errepidea bezala plangintzan sartuko zen, Lukuarreta bide gurutze bihurtuz. Hain zuzen, Garaiko Udalaren iniziatibaz hamarkada horretan burutu zen errepideak zirkuitu eder bat ekarri zuen “Gerediaga-Garai-Iurreta” . Eta, ondorioz, Iurretako herriguneak, bere kofradietariko bat, zuzenean, komunikazio barik eta, N-634 Donostia-A Coruña errepide nagusitik bueltan ibili behar barik. Iurretar herri hautetsiak ere ez ziren enteratu?