Etzi beteko dira 82 urte II. Errepublika eraiki zela. Horren ospakizunez, gomutamen hauek idaztera noakizue.
Erregimen horri esker, Espainiako erresuma zaharkitua erorita, urrats garrantzitsuak eman ziren: emakumeari, boto eskubidea eman; dibortzioa, legeztatu; nekazal erreformari hasiera eman Andaluzia, Extremadura eta Gaztela Berrian; Eliza Katolikoa eta Estatua separatu; Ejerzitoa, prejubilazio eta beste neurri batzuekin, indar gutxitu; estatu barneko nazionei, autogobernatzeko aukera eman: Katalunia, Euskadi eta Galiziari, beste herrialde batzuetan ere bide horretako mugimenduek sortu zirelarik: Andaluzia, Valentzia eta Aragoin. Eskuindar, latifundista, bankako oligarkia, eliz hierarkia, militar kolpista eta gaztelau zentralistentzat, GEHIEGI! Ezin zuten jasan, inondik inora eta hiritarrak bozkatutako konstituzio demokratiko batean eraikitako erregimena arma indarrez, bortizki eta errepresioz gerra “inzibil” batez bota zuten.
Tartean, euskal autogobernua ere martxan hasia zen. Lizarran, 1931ean, aurreproiektuak porrot egin zuen. Hurrengo urtean, Nafarroako udalbatza gehiengoak, apez karlisten eraginez, tranpaz, kontra bozkatu zuten. Esan behar da, C. Salinas, Nafarroako Diputazio buru sozialista zena, udal ordezkarien biltzar buru legez, argi eta garbi mintzatu zela lau probintzien autogobernuaren alde. Alferrik.
Hau guztiagatik, ene ustez, III. Errepublikak bakarrik finka dezake euskal nazioaren eraikuntza politikoa. Gainontzeko estrategia “miraritsuak”, politikan ere, mirarietan sinesten ez dugunontzat, “salto mortal hirukoitz” antzu batera garamatza.