Ilustratzailea izan zen Iribe, eta umorezko marrazketan ere jardun zen. Karikaturen arloko maisuen oinordekoa zen, sasoiko errealitatearen testigu inkonformista, publizista dotorea, estilo propioa zeukan moda-ilustratzailea, antzerkiko dekoratzailea, editorea, forma berrien sortzailea (dekorazioko objektuak, bitxiak, lepo-zapiak eta altzariak), luxuaren industriaren zerbitzura jardun zen artista industriala, Stavisky (1933-1935) affair eskandalugarriaren testigua, eta zinemako zuzendari artistikoa Hollywooden: Georges Fitzmaurice zuzendariaren The Right Love (1919) filmean lan egin zuen, eta baita, 1921 eta 1925 artean, Cecil B. DeMillen hamabi lanetan ere.
1926an, King of kings filmaren grabazio lanetan zebiltzala, apurtu zuen Cecil B. DeMille-ekin elkarlana: Gólgota eszenaren grabaketan eztabaida bortitza izan ei zuten: Iribek Palestinako koloreekiko leial izan gura zuen, eta dekoratuak eta jantziak Kristoren bizi-baldintzetara moldatzea; DeMillek, aldiz, ikusgarritasuna gura zuen, erreferentzia dokumental askorik barik.
Hainbat ospetsuk goraipatu dute Iriberen lana: Cecil B. DeMillek bere autobiografian esaten du “inoiz izan den zuzendari artistikorik onenetarikoa” izan zela.