Udako irakurketak

Urtean zehar nahiko irakurle moderatua izaten naiz. Garraio publikoak egunero ia ordu biko irakurgela mugikorra eskaintzen dit. Bestela, egunaren hondarra sofa eta telebistaren artean pasatzen dut, liburua oso ona ez bada behintzat. Oporraldia desberdina izaten da, bizitzaren erritmoa jaistearekin batera irakurtzeko eta, oro har, egunerokotasunetik aldentzen diren gauzez jabetzeko grina handitu egiten da. Normalean, udarako uzten dira “Martutene” eta tankerako literatura erronkak.

Opor ataritan lagun bati bisita egiteko ohitura daukat. Agurtzeaz gain udarako lanak eskatzen dizkiot. Alegia, nire gustuak ongi ezagutzen dituela baliatuta, zenbait liburu gomendatzeko eskatzen diot, eta horri esker oso lan interesgarriak irakurri izan ditut. Kontrako norabidean, zenbait lagun niregana ere etortzen da. Euskaraz zerbait irakurri nahi dutela, baina ohitura handirik ez eta gauza astunegiak ez aipatzeko mesedez. Egiari zor, ez daukat nire lagunaren abilezia, ez naiz oso trebea gomendioak ematen. Kirmen Uriberen bi eleberriak aipatzen dizkiet, Fermin Etxegoienen lehenengo liburua (bigarrena ez ordea), Uxue Alberdi ere gustura irakurri izan dut. Gero, nobela beltza eta orain hain modako dagoen Islandia uztartuz, Arnaldur Indridasonen lanak ere aipagarriak iruditzen zaizkit. Horietako bat “Hilobiko isiltasuna” euskarara itzulita dago.

Bide batez, beste inoren iradokizunak ere gustura jasoko nituzke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!