50 (25)

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artza (Soziologoa) 2015ko abe. 11a, 08:30

Aurten Durangoko Liburu Azokak 50 urte bete ditu, eta horietatik erdiak saltokiaren beste aldean bizi izan ditut. Beraz, hastapenetan ez, baina Sarrik idatzi duen bezala, Globalizazio Arotik hona lekuko zuzena izan naiz. Urteetako testigantza honetaz baliatuz, ez nuke esango Azoka hainbeste aldatu denik. Nire ustez, digitalizazioak ekarri dituen abantaila eta desabantailen aurrean bere bidea egiteko gai izan da, liburu eta disko azoka zena sortzaileen topagune eta erakusleiho ere bihurtuta.


Oro har, euskalgintzan giro negatiboa sumatzen badute ere, Durangoko Azokaren kasuan baikorra naiz. Euskal Herriko erreferente kultural garrantzitsua izanik, hurrengo urteetan ere sendo jarrai dezan arrazoiak ikusten ditut.

Alde batetik, euskal kulturaren txikitasunak –ez naiz kalitateaz ari– eta geografia hurbilak, lauzpabost egunetan arlo desberdinetako adierazpide esanguratsuenak bildu eta taularatzeko aukera ematen du.

Bestalde, euskaltzalea oro har kultura zalea da. Besteak beste, kulturak ematen diolako euskaraz aritzeko ekosistemarik egokiena.

Ezin esan gabe utzi Durango, eta batik bat Durangaldea, horrelako jarduera baterako oso eremu aproposa dela. Zergatiak asko dira eta horiek zerrendatzea hurrengo baterako utziko dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!