Galtzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artza (Soziologoa) 2015ko mai. 29a, 09:29

Dagoeneko hauteskundeen biharamuna pasatzen ari zaigu. Emaitzen gainean ez noa azterketa sakonik egitera, karaktereen diktadurak esan nahiko nituzkeenak asko mugatuko luke eta, gainera, ez dakit azterketan ere sobera asmatuko nukeen.


Lerro hauen bitartez galtzaileez oroitu nahi nuke, galtzeak kontsolamendu eskasa duelako, eta horietako bat zure porrota norbaitek aintzat hartzea izan litekeelako.

Hala ere, galtzaile guztiak ez dira berdinak. Galtzailea izan daiteke urteetan zehar sarri irabazi duena, harro jokatu eta azkenean galtzea tokatzen zaiona. Galtzailea izan daiteke, ezer jokoan jarri gabe, ahalegin handirik egin ez eta irabazi ez duena. Baina horiek benetako galtzaileak al dira? Nire ustez, ez. Galtzailea da, ilusio handiz, lan ikaragarria eginez, familiarekin egoteko astirik gabe, norbere aisialdiari uko egin eta proiektu baten alde konprometitu eta irabazi ez duena. Galtzailea da azterketa garaian ikasteari eskaini beharreko denbora asko proiektu berberaren alde erabili duena. Igandean, azkenengo garagardoa hartu, eta hurbilekoen animoak jaso ostean, etxera burumakur joan zena. Ohera sartu eta ezin egonean, biharamunean apunte eta liburu guztiak hartu eta ekaineko etsaminak prestatzen hasi behar zuela pentsatzen hasi zena. Horrela jokatzen duenari sarri tokatuko zaio galtzea, baina beste modu batera jokatuz gero, sekula ez da irabazle sentituko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!