Martxoaren 8a

Kasualitate bat tarteko, Martxoaren 8ko asteburuan iritzi artikulua argitaratzea tokatu zait. Beti nahi izan diot gaiari heldu, baina, egia esan behar badut, ez dut jakin izan nola. Esaten da berdintasunean asko aurreratu dela. Nik uste dut prestakuntza bai parekatu dela. Are gehiago, nire ikasle garaiari erreparatuz gero, oro har, emakumeek maila altuagoa zutela ere esango nuke. Baina prestakuntzan aurrera egiteak ez du maila bereko berdintasunik ekarri.

 Gaur egun, batez besteko soldatak askoz handiagoak dira gizonezkoen kasuan, eta gutxi dira goi karguetara iristen diren emakumeak. Horren guztiaren zergatiak nahiko ezagunak dira: batez ere, arlo publikoa eta gizarte eragileen harremanak maskulinoak direlako, eta maskulinitatetik pentsatuak daudelako. Emakumeek, boteretik aldenduta egoteaz landa, etxeko eremuarekin lotuta egoten jarraitzen dute. Erdi txantxetan esaten diren  “etxean andrak agintzen dabe” moduko esaldiak horren isla maltzurra ez ote dira? Emakumeentzako kontsolamendu faltsua. Ingurumaria honetan, badira ere gehiegi delegatzen duten emakumeak. Joko zelaia arrotz egiten zaielako, “horrek gizonen kontuek die” esan, eta pauso bat aurrera ematen ez dutenak.

Ez dakit igandean izango den Lilakrosean egoteko aukerarik izango dudan. Baina, behintzat, aldarri feministek arrazoi sendoak dituztela onartuko dut. Asko falta da berdintasunerako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!