Baina benetakoa al da bakardade hori? Ni ere, lagunartean gai honi buruz hitz egiten dudanean, nahiko bakarrik geratzen naiz. Baina ez Marotoren tesiak defendatzen ditudalako; aitzitik, Marotoren defendatzaileak dira ni bakardadean uzten nautenak. Egiari zor, eztabaida ideologikoak izaten dira, aurreiritziz josiak. Datuak oso modu nahasgarrian ematen dira: urliak esan dit, sendiak entzun du, eta tankera horretakoak. Nire argudioek nazioarteko politika desorekatuetan, merkatu harreman bidegabeetan eta abar dute oinarri. Ahaztu barik gauza jakin batzuetarako etorkinak oso baliagarriak zaizkigula. Hala ere, onartzen dut diru-laguntzen banaketarako irizpideak ez ditudala behar bezala ezagutzen.
Jakinik Gizarte Zerbitzuak eskualdeka antolatzen direla, eta atrebentzia handia ez bada, Anboto astekariari Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuetako kideren bati ahotsa emateko eskaera luzatuko nioke. Pentsatzen dut askok eskertuko genukeela.