Ikasturte pragmatikoa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artza (Soziologoa) 2014ko ira. 19a, 08:30

Ikasturtea bizi hasi da, batik bat Eskozian eta Katalunian. Eskoziar independentistak, irabazi ala galdu, subjektu politiko giza aitortuak dira, hemen eta Katalunian ez bezala.

Legezkotasunik ez, baina indar erakustaldi bikaina egin dute Bartzelonan, irailaren 11ko Diadan. Euskal Herriko subiranistak esperoan gaude. Badakigu ikasturte honetan emaitza onegiak lortzea zaila dela. Hortaz, etxeko lanak zintzo eginez, maiatz-ekainera iritsi, eta ikasturtea gainditzearekin konformatuko ginateke. Badira baikorrak izateko datuak, kopeta iluntzeko albisterik izan bada ere. Horien artean, Donostia Europako hiriburu kulturala egitasmoko zuzendariaren izendapena. Izendatua aski prestatua eta dotorea izanik, ez da euskalduna. Erabaki pragmatikoa omen. EH Bilduk hautagai euskalduna nahi zuen, besteak beste, non aukeratu bazuelako. Baina gainerako alderdiek beste hau inposatu dute, prestakuntzaz eta esperientziaz landa, goi mailako harremanak omen dauzkalako.

Ematen du euskararen normalizazioaren aferak, ikasturteko planifikazioan baino urte hasierako desiretan sartzen direla gehiago: erretzeari utzi, gimnasiora joan eta euskara gehiago erabili. Ideia honi bueltak ematen nabilela, Egunkaria itxi eta biharamunean egunkari abertzale bateko zutabegile bati irakurri niona etorri zait gogora. Itxieraren injustizia salatzeko, ordutik aurrera, hilean behin euskaraz idatziko zuela aldarrikatu zuen. Gaitasuna izanik, zergatik ez zuen aurrez ere euskaraz idazten? Argi dago, pragmatismoagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!