Europako hauteskundeak

Bezperan interes gutxi piztu arren, izugarrizko biharamuna utzi digute. Estatu mailan, bipartidismoa kolokan utzi duten ez dakit, baina azterketarako datu oso interesgarriak eman dituztela bai, ezbairik gabe.


Estatu mailan, Europan ez bezala, krisiak eragindako haserreak ezkerreko bidea hartu du. Botere ekonomikoek murrizketen politika inposatzen dute, ez dago aberastasuna birbanatzeko modurik, eta sozialdemokrazia diskurtso barik geratu da. Nire iritziz, ezker berri eta eraldatzaile baten etorrera suposa dezaketen zantzu batzuk agertu dira. Onar dezadan nahia ere badela.


Alde batetik, datu kuantitatiboak: ezker eraldatzaileak bozen %20 inguru atera ditu; nik dakidala horrelakorik ez da eman azken hamarkadetan. Bestalde, mugimendu alternatibo hauek, teknologia eta komunikatzeko bide berriez baliatzeaz gain, hedabideetan erreferente garrantzitsuak dituzte. Bukatzeko, gaur egungo sozialdemokraziaren diskurtso aurrerakoiak ez dira aski. Zenbait kolektiboren alde agertzea ez da nahikoa. Pobreziak, langabeziak, marjinazioak... eragile jakin batzuk dituzte, eta politika horien aurka egin behar da.
Eta Euskal Herrian zer? Abertzaletasuna sendo irten dela esango nuke, baina aurreko argudioekin zubi eginez, biltzeaz gain, hurbildu ere egin beharko dugu. Mugimendu berri hauek ulertu eta elkarlana sustatzera behartuak gaude, beraiek ere  uler gaitzaten. Ematen du bide horretatik goazela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!