Gure esku dago

Erabiltzailearen aurpegia Jon Artza (Soziologoa) 2014ko api. 11a, 08:30

Goiz hartan, kafea hartzen genbiltzala, pozik sumatu nuen lankidea. Bilbon bizi den gipuzkoarrak Gure Esku Dago ekimenean parte hartzen ari zela esan zidan. Argudiatu zidan, Katalunian bezala, hemen ere alderdiekiko distantzia jarri, eta gizarte mugimenduak izan behar direla aldarrikapenaren abiapuntu.

 

Alderdiak, eguneroko kudeaketan murgilduta daudela, eta, maiz, tankera honetako ekimenak sustatzen dituztenean, kontraesanetan erortzen direla. Nik adostasun ezkorra adierazi nion. Bi herrialdeak egoera desberdinean gaudela, eta hango tradizio politikoa ere diferentea dela.  Nolabait esateko, hango alderdiak profesionalagoak dira. Horretaz gain, mugimendu sozialetatik bereizten dituen marra, hemen baino nabarmen lodiagoa dela.


Durangon zer edo zertan ari garen ere galdetu zidan. Herri erdian bizi banaiz ere, herriko bizitza soziala periferiatik jarraitzen dudala adierazi nion. Hala ere, deiren bat izango nuela.


Jaso dut deia. Ekimena apirilaren 30ean aurkezten dela eta hara joateko gonbita egin didate. Baietz erantzun dut. Une batez, baiezkoak azkarregi ematen ditugula pentsatu dut, ekimen edo ekitaldi konkretu batek zertarako balio lezakeen sakon aztertu gabe. Baina, ongi pentsatuz gero, uste dut hori dela gure indarrik handiena, termino ekonomikoetan balio erantsia esaten dena: euskal kultura eta nortasunaren alde egiten den borondate hutsezko lana, ematen diren ondo pentsatu gabeko baiezkoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!