Lubaki-gerra izan zela eta ondorengo urteetako errealitatea sakon baldintzatu zuela: bere baitan eman zen, Austria-Hungariako Inperioaren desagerpena, Otomandar Inperioaren gainbehera, eta Sobietar Iraultzaren jaiotza. Alemaniak, Versaillesko Itunaren ostean, izugarrizko iraina jaso zuen. 1871ko Guda Franko-Prusiarrean eskuratutako Alsazia eta Lorrena galtzeaz landa, isun ekonomiko ikaragarriak ordaintzera behartu zituzten. Horiek eta beste batzuk izan ziren nazismoaren gorakadaren arrazoiak.
Arestian esan dut guda honek oihartzun eskasa izan duela, batik bat Hego Euskal Herrian. Aitzitik, Ipar Euskal Herrian eragin sakona izan zuen. La Grande Guerre deitzen duten horretan milaka euskaldun hil ziren lubakietan, frantsesez ez zekiten euskaldunak. Hala ere, guda honek ez zituen euskaldunak Frantziatik aldendu. Alderantziz, Iparraldeko euskaldunentzat, I. eta II. Mundu Gerrek, Frantzia demokrazia eta askatasunaren ispilu bihurtu zuten. Ikuspegi hori ez da aldatuko, Frantziako euskaldunek Aljeriako gudan parte hartu arte. Han bizitakoak askatasunaren ispilua milaka zatitan hautsiko du, eta haustura hori gabe ezin ulertu euskal abertzaletasunak Bidasoatik harago izandako garapena, garapen motela izan bada ere.