Ikasturte berriarekin batera Jean Haritschelharren heriotzaren berri izan dugu. Irakaslea, literaturan aditua, baina, batez ere, euskaltzaina, eta urtetan euskaltzainburua izan delako da gure artean ezaguna. Bere bizitza eta lanei buruz ugari irakurtzeko eta entzuteko aukera izango zenuten egunotan. Nik, lerro hauen bitartez, bere izateko era goraipatu nahi nuke.
Lagun artean, txantxetan, sarri komentatu izan dut denok hiltzeko jaioak garela, baina Haritschelharren kasuan nire zalantzak neuzkala. Osasuntsua baitzen gizona, alaia eta umore finekoa. Bizipoza berezkoa izanik, ingurukoei ere alaitasun hori zabaltzen zekiena. Harekin bost minutu egotea aski zen, norbere umorea ere hobetzeko.
Euskaltzaindira, Bilbora, etortzen zen bakoitzean langile guztiak, banan-banan agurtzen gintuen. Horrekin batera, lankide bati Farias eta Ducados kartoi bana erosteko dirua ematen zion. Berak, maiz errepikatzen baitzuen bizio guztiak zeuzkala: jan, edan, erre eta ...
Behin aipatu zidan -euskalgintzan erreferentea den pertsonaia bati buruz hizketan genbiltzala- berak bizitzan jaso duen gutun laburrena hiru hitzetakoa izan zela. Herri mailan ekitaldi garrantzitsua antolatu nahi zuten, eta pertsona honi joaterik izango zuen galdetu zion. Erantzuna gutunez jaso zuen: Igandera arte beraz.
Nik ere hiru hitzekin agurtu nahi zintuzket: plazerra izan da.