Niri ere, musulmanen profetaren antzera gertatzen zait; mendi gailurrera igo ezin, eta Anboto iristen zait ostiralero, atzerapenik gabe. Egunkari itxura duen astekaria, eskualdeko errealitatearen kronika egiten duena. Kontu izan, hemendik urte batzuetara, historialari batek XXI. mende hasierako Durangaldea aztertu nahi badu, informazio trinko eta bateratu bakarra Anbotok eskainiko diola. Eta aipagarriena dena, euskaraz eskainiko dio.
Nire iritziz, euskararen aldeko politikek eskualdea izan behar dute ardatz, besteak beste, herritarron eguneroko bizimoduaren ardatza delako eskualdea; alegia, eskura daukagun lurralde eremua. Eskualdean erosi, kontsumitu eta gozatzen dugu. Eskualdean dugu familia hurbilena eta aisialdirako lagun-taldea. Horregatik, hain zuzen, euskaldunok dauzkagun arazo eta beharrek, lehenbizi, begirada hurbila behar dute. Eskualdeko zentroak periferiako euskaldunen beharrei lagundu behar die, eta herri txikiek eskualde buruan erreferentzia egokia izan behar dute. Miquel Gros soziolinguista katalanak esana da, hizkuntzaren berreskurapenaren ikuspegitik, eskualdeko herri txikiek herri nagusiaren bilakaera bera izaten dutela, onerako edo txarrerako.
Gaur egun, onerako dela esango nuke, eta ahalegin horretan ordainezina da Anbotoko langileek egiten duten lana. Krisi ekonomikoaren testuinguruan, baliabide gutxirekin baina gogor lan eginez, erreferentziala den astekaria kaleratzen dutelako. Laster milagarrena.