Gazte nintzela, ez nuen ondo ulertzen klase ertainak zer adierazi nahi zuen, ez eta ere nor koka nezakeen multzo horretan. Denbora aurrera joan ahala, atzera begiratzen hasi eta iragan mendeko 60. hamarkada inguruan kokatu naiz. Ordura arte, langileriaren soldatek familien oinarrizko premiak doi-doi asetzeko ematen zuten.
Umeak nerabe bilakatzen zirenean, bai baserrian bai kalean, etxeko beharrei erantzutera derrigortuta zeuden. Goi mailako ikasketak burutzea, “posizio” jakin bateko familien kontuak ziren. Horrela gauzak, ez da harritzekoa, Durango batean, adin batetik aurrerako abokatu eta medikuek abizen bertsuak izatea.
Baina, industrializazioaren suspertzearekin eta egoera ekonomikoaren hobetzearekin batera, familia xeheak diru-soberakin bat izatera heltzen dira, eta baliabide hori beren seme-alabei ikasketak eskaintzeko erabiltzen hasi. Honi gehitu behar diogu hezkuntza publikoaren aukerak ere zabaldu egiten direla. Horregatik, esan dezakegu 40 – 50 urte inguruan gabiltzanok, gure aurrekoek baino bizi-kalitate hobea izateko aukera izan dugula. Aitzitik, egoera ekonomikoak berdin jarraituz gero, gure ondoren datozen belaunaldiak gure aitona-amonek bizitako errealitatera bueltatuko dira: hala moduzko lanpostu eta soldatekin konformatu ala bizimodua beste nonbaiten bilatu.
Badirudi klase ertainarekin, beste hainbat kontzepturekin pasatu zaigun gauza bera gertatu zaigula: urritzen edo desagertzen hasten direnenean soilik konturatzen gara duten garrantziaz.