Nik ere, Julen Orbegozok erabiltzen duen garraio bide bera baliatzen dut. Berak aurreko zutabe baten ongi adierazi bezala, abiadura salbu, gure gaurko gizartean nagusi diren balio indibidualisten isla den trena. Bertan doazen bidaiariak ahalik eta nasaien eta isolatuen joan nahi izaten dute, bakoitza bere munduan. Zarata bakarra trenaren triki-traka.
Aldarte horretan nengoen, egunkarian, Jokin Muñozek Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberriari egindako kritika interesgarria irakurtzen hasi nintzenean. Artikuluaren moldea ez-ohikoa da, modu literarioan idatzia badago ere, literaturaz haratago doazen hainbat gogoeta interesgarri garatzen ditu. Besteak beste, Saizarbitoriak bere eleberriarekin –oraindik irakurri ez dudana– bere generazioaren azken agurra irudikatu nahi izan duela dio. Gauza handiak egitera deitua izan den belaunaldi baten porrota azaldu nahi izan du. Gizartea irauli ezinik, bizitzaz zuten ikuspegia birmoldatu ostean, gauza txikiak eginez plazerra lortu, eta bizitzari bestelako zentzu bat hartzen ikasi behar izan duena.
Ez dakit bat natorren porrotaren kontu horrekin. Herri honetako azken berrogeita hamar urteetako historia errepasatzen badugu, kontrakoa ere esan daitekeelakoan nago. Baina, egia esan, gauza txikien kontu horrek atentzioa deitu zidan. Horregatik akaso, artikulua zegoen orrialdea azal bilakatu, egunkaria tolestu eta egin nezakeen gauza baliosoena egin nuen: norbaitek irakur zezan jarleku gainean utzi.