Datorren ostegunerako, Bilbo Zaharra euskaltegiak euskal klasikoen 5. irakurketa jarraitua antolatu du. Aurtengo ediziorako aukeratutako liburua Zergatik Panpox da. Lan hau Arantza Urretabizkaiak 1979an idatzi zuen eta emakume batek euskaraz idatzitako lehen eleberri moderno gisa kontsideratua dago. Modernoa, besteak beste, idazleak, pertsonaien bidez, bere barne gogoetak, ilusioak, tristurak eta abar islatzen dituelako.
Urretabizkaiak amatasunaren gaia modu baikorrean lantzen du, senarrak utzi duen ama eta semearen harremana ardatz harturik. Hari honi tiraka, Gema Lasartek, Euskera 2010,2 aldizkarian adierazi bezala, euskal emakume idazleek beraien sormen literarioan amatasunaren gaia sarri landu dute. Lasarteren hitzetan, Urretabizkaiaren ondoren, idazle gehienek amatasunaren alde ezkorrak nabarmendu dituzte, sarri ama izan ala norbere garapen pertsonalaren arteko hautu tragikoa irudikatuz. Hala ere, badirudi, azken urteetako eleberri batzuri erreparatzen badiegu, hautuaren ideiak indarra galdu duela emakume idazleen artean. Amatasunari gorazarre egin gabe, ez da bidegurutze gisa ere ikusten. Aitzitik, modu anitzez baina norbere biografiaren osagarri legez lantzen hasi da; jakina, norbere bilakaera pertsonalak eta amatasuna uztartzeak ematen dituen buruko minak aintzat hartuz.
Esan gabe doa berdintasuna urrun dagoela oraindik, eta aitatasunari buruzko gogoeta sakonak eskas aurki daitezkeela. Hala ere, ez du ematen seinale txarra denik.