Irudiak

Besteei begira ohartu naiz, aspaldion, niri ere denborak ihes egin didala: urteak, banaka, binaka zein launaka. Eta hainbat irudi geratu dira urte horietako argazkietan: Egunkariaren itxiera, Laboaren heriotza, irailaren 11… Eta hainbat dira hitzak, doinuak, emozioak

\"\"Besteei begira ohartu naiz, aspaldion, niri ere denborak ihes egin didala: urteak, banaka, binaka zein launaka. Eta hainbat irudi geratu dira urte horietako argazkietan: Egunkariaren itxiera, Laboaren heriotza, irailaren 11… Eta hainbat dira hitzak, doinuak, emozioak.

 

Gogoratzen dut bata. Oker ez banago Lekeitio zen. Taberna irlandar batean, gitarra bat tarteko, garagardo beltza upel gainean eta kea. Esaten ari zirena ulertzeko ere gazteegi, agian.

 

Askotan kasualitateak eramaten zaitu liburu bat edo abeslari bat ezagutzera; eta ziur nago ordura arte Manu Chao nor zen ere ez nekiela; besteak utzitako altxorrarekin ezagutuko nuen abeslaria. Baina beldurra eta gorrotoa ere eramango al zituen denborak!

 

Bataren gordintasunak liluratzen nau; gupidarik gabeko ironia zorrotzak. Esaten dituenak hain nire zergatik sentitzen ditudan jakiteko gehiegi pentsatu beharrik gabe. Eta bai, nik ere izaten ditut horrelako egunak: doazela pikutara lagunak eta Ama Birjina! Eurentzat beti edukiko dut-eta gaur arte neukan adina!

 

Eta bestearen fintasuna, dotorezia, teknika. Orain sakon, orain umorez. Eta ez dakit modu egoki edo desegokian, baina ni ere harriak bota eta bota nabil, eta nahiz eta nire hitzak ahaleginean lehertu, berak ezin du ulertu.

 

Terminologia aldetik ez dakit posible den, eta Euskaltzaindikoek daukaten kristoarekin, ez naiz orain galdezka hasiko. Baina txapeldun izateak txapel bakarra eskatu arren, eta txapelik ez duena txapeldun izan daitekeen zalantzan jarrita ere, nik neuk badauzkat txapeldun bi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!