Zergatik darrai munduak borobila izaten?
Ez dakit gizakiari ote dagokion gizatiar adjektiboa. Humanoa.
Haurrek soilik gordetzen dute gizatasun hori euren begiradetan. Eta, zorigaitzez, begirada horiek gero eta denbora gutxiago behar izaten dute zikinkeriaz betetzeko. Erabat lohitzeko. Gizatasuna ez da gizarte terminoaren parte; gizatasuna giza artea da, tamalez, gaur egun inork gutxik erdietsi dezakeen adierazpide poetikoa.
Distira hori da gure begiradetan falta zaiguna. Distira humanoa. Distira gizatiarra. Eta horren fabore ezer egiteko gertu ez bagaude, hobe geundeke begiak itxita; eta hala gaude egon. Itsu. Auto-ekoitzitako itsutasun global baten parte gara.
Badaude kantak hilabeteren buruan mundu osora zabal daitezkeenak. Baina, gaur egun, behintzat, bihotz taupada ilara bat ez da giza gorputz zurruna zeharkatzeko gai. Arnasa berdin-berdin har daiteke lainoz jantziriko mendi tontor baten pausaturik, zein itsas hondoko arroka labainkorretan oreka galtzeko zorian egonik. Azken hatsak baino ez ditu bereizten bata eta bestea. Azken hatsak berdintzen gaitu. Begiradetan behar genukeen distira horren baitan dago zergatia.
Gaitza da esplikatzen esplikaziorik eduki beharko ez lukeen zerbait. Baina are gaitzagoa da esplikatzen, esplikazioa eduki arren, hitz egokiak aurkitzea ere zaila egiten zaigun hura.
Beldurra ematen digu erradikal izateak eta arazoaren erroetara itzulinguruka aritu barik abiatzeak. Gizakiari gizaki denetik dagokion gizatasunaren berreskuratze urgentea da behar duguna. Hori da benetan humanoa. Printzipala, printzipalik bada.
Zergatik da alua mundua?