Imajinatu dezakezuen bezala, Mediterraneo itsasoa begiztatzeko ikaragarrizko behatokia da. Aldapan gora abiatzen naizenean, arabiarrek ezker-eskuin utzitako aztarnak ikusten ditut. Arnasa berdindutakoan, Aitana izenaren jatorriarekin jolasten hasten naiz. Bide bazterrean dauden herriek egitura guztiz “berberea” dute eta, nahi gabe, Marokoko Atlas mendilerrora eramaten naute. Atlas mendilerroan, berberera da nagusi eta “aït” hitzak tribu edo herriaren jatorria ematen du. Adibidez, Aït Hani, Hani herri edo tribukoak izango dira. Beraz, Aït Ana izenak, Ana tribukoak bertan bizi izan zirela esan nahi digu? Horrela, aldapa bat bestearekin kateatzen dut, eta lepo gainera iristen naiz.Nire aurrean Mediterraneoa zabaltzen da, ekialdean galdu arte. Lasai, urdin, distiratsu dago, eta berari aurrez aurre begiratuz, hilobi eta muga nola bihurtu den galdetzen diot. Tamalez, ez dut erantzunik jasotzen, eta orduan, Lluis Llach-en hitzak maileguan hartuz, hauxe datorkit burura: gure isiltasunaren urdina, hortik sortzen baita kantua. Denbora guztien zurrumurrua esnatuko duena eta erreboltarien jarrera ahaztua erakutsiko diguna, kantuaren amorruarekin, gorputzaren indarrarekin, maitasunaren gozamenarekin… Itsaso urdinezko zubi bat, elkarren ondoan senti gaitezen, zubi bat azal eta bizitza ezberdinak lotuko dituena.