Komiki bat da oraingon abiapuntua, eta horrek gaia beste era batean lantzeko aukera eman digu. Gure lehenengo saiakera Martxoak 31 izan zen. Haren eskutik, Lurra Astinduz, Izarrak Marrazten eta Udaberririk Ankerrena. “Tontamentian”, bederatzi urte pasa dira. Instituzioen inplikazioa, justizia, egia eta erreparazioa eskatzen genuen orduan. Ez dira guk nahi genuen beste urrats eman norabide horretan, baina aldaketak izan dira, zorionez. Urruti joan barik, datorren hilean, Iruñea erdi-erdian dagoen mausoleotik atera eta familiari emango diote Durangaldea bonbaz josi zuen Mola jeneralaren gorpua. Bazen ordua.
Elkarteek, idazleek, komikigileek, zientzia elkarteek, bertsolariek, historiagileek zein antzerki taldeek, ikaragarrizko ahalegina egin dute memoria berreskuratu eta historiako hainbat pasarte ilun argira ekartzeko. Guztietatik bat azpimarratu nahi nuke: Donostian, ikasle nintzela ezagutu nuen. Gipuzkoa plazan dagoen liburutegian topo egiten genuen arratsaldero. Han egoten zen bera, lehenengoa, ilaran, ateak noiz zabalduko itxaroten. Gehienok alde egiten genuenean, han geratzen zen bera.
Urteetara, ilaran lehenengo zegoen ikaslearen izena hedabideetan ikusi nuen: Pako Etxeberria zen. Ilusio itzela egin zidan berarekin ilara konpartitu izanak.