Alforjak egiterakoan, koadernoa eta boligrafoa ez ditut inoiz ahazten. Izan ere, sortzeko oso lagun ona da bidea. Neguan, lanean jarraitzeko musa izaten ditut apunte eta marrazkiak.
Gauzak antolatu bitartean, atzean utzi berri dugun denboraldiari begirada bat bota, eta oparoa izan dela aitortu behar. Baina badut arantza bat: duela hilabete eskas Eusko Jaurlaritzak gure inguruan egiten diren hainbat antzerki jaialdi edo jardunaldiri diru-laguntzak murriztu dizkiola. Urruti joan barik, Aulestiko jardunaldiari. Antolatzaileek susmoa dute murriztu den diruak Donostia 2016rako bidea hartu duela. Ziur ez dabiltzala oker.
Berriro ere, herri ekimen kulturalei kolpea, makro “eventoen” alde apustua eginez. Ez dira jabetzen horrelako ikuskizunek ez dutela kultura sustatzen, baizik kontsumorako beste produktu bat gehiago bihurtzen dutela kultura. Data esanguratsuak pasata, di-da batean jausten gara oparotasunetik idorrera. Aurrekontu batzuk berdintzeko, gupidarik gabe hartzen dituzte erabakiak eta baztertzen dituzte herritik sorturiko ekimenak. Baina nik… Kuadernoa alforjetan sartu dut eta badirudi dena prest dudala bidaia hasteko. Zuek ere bidaia ona izan anbotomaniakook!