Ile-apaindegian

Aste honetako mila eta bostehun karaktereko zutabetxo honi aurre egiterakoan, Parisen ostiral gauean gertatutakoa eta hurrengo egunetan emandako erantzunak burutik kendu ezinik nabil. Frantziako banderaren koloreek eta errepublikaren ereserkiak, ekintzak berak bezala, uholde bat balitz bezala gure eguneroko errealitatea busti dute, “shock” egoera batean utzi gaituzte, eta berriro ere beldurra da nagusi.

Ez da lehenengo aldia, hor ditugu Dorre Bikiak, Madril edota Londreseko ekintzak. Atzera begiratu ezkero, honen aurrean eman diren erantzunak parekoak izan dira, banderak, ereserkiak eta ekintza militarrak. Burua bor-bor, astelehenean ikastolara joan nintzen, klaseak ematera. Goizeko bigarren orduan, horrela banatzen dugu irakasleok denbora, antzerkiko klasea nuen, eta bat-bateko ariketa bat proposatu nien gazteei.

Ile-apaintzaile eta bezero baten arteko elkarrizketa asmatu behar zuten, bikote batek hasita, eta txandaka, istorio txiki bat sortu arte. Istorioa forma hartzen joan zen, azken bikotearen txandara iritsi arte. Ile-apaintzaileak, Parisen gertatutakoari buruz bezeroari bere iritzia eskatu zion, eta honek, sarritan gertatzen direla horrelakoak, Sirian, Libanon edo Afganistanen-eta ez dugula ezer egiten erantzun zion. Ile-apaintzaileak ez zekien elkarrizketa nondik jarraitu, isiltasuna nagusitu zen gelan, eta ikuslego papera betetzen genuenok elkarri begiratu genion. Txirrinak isiltasun horretatik atera gintuen, kanpaiak “grogi” dagoen boxeolariari arnasa ematen dion bezala. Ez dakit zuei, baina niri, beldur gehiago eragiten dit isiltasun horrek, Pariseko ekintzak baino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!