Ahal izan duten mamu gehien plazaratzen saiatu dira aurreko asteetan hedabideak, baina azkenean ezin izan dute euren nahia bete. Herri biek, Eduardo Galeanok hainbat aldiz aipatu zuen bezala, “beldurraren” kulturari aurre egin diote, eta aurrean dugun errealitatea beste modu batean kudeatu nahi dutela aldarrikatu.
Urruti gelditzen dira urtarrileko elurteak. Orduan, ekialdetik haize berriak zetozela aipatu genuen, eta, bultzada hura baliatuz, gurean ere aldaketen ordua iritsi zela idatzi ere bai. Toki batzuetan aldaketak bermatu dira, ez guk, edo behintzat nik nahiko nukeen beste, baina zerbait mugitzen ari dela ezin da ukatu. LOMCE legea, murrizketak soldatetan, %21eko BEZ kulturala… gainean ditugu oraindik, beraz, badugu zer egin eta aldatu.
Iruñean zein Atenasen jai giroa da nagusi, eta duda barik disfrutatzeko egunak dira hauek. Bidea ez da erraza izango, eta euren zerbitzurako dauden hedabideek mila trikimailu eta oztopo jarriko dituzte bidaia honek amaiera egokia izan ez dezan. Ez naiz ni sinesmenduna, baina gaur San Fermini egingo diot otoitz, gure oinak zuzendu ditzan. Gora San Fermin!