Elurra mara-mara

Ipar-ekialdeko haizeak, normalean, elurra ekartzen du, eta begi-bistan dago horrela gertatu zela pasa den astean. Atzera begiratu behar izan dugu horrelako elurte bat gogoratzeko. Batzuek esaten dute badirela 30 urte horrelakorik ez dutela ikusi, eta beste batzuek, aldiz, inoiz ikusi duten elurterik handiena izan dela komentatu dute; normala.

Ekialdetik ere haize berriak datoz, eta urte hauetan aldatu ezin zena aldatu daitekeen itxaropena piztu da gure artean. Gauza askoren aldaketaren premia dago, baina kultura arloan murgildu behar dugu zutabetxo honetan. LOMCE legea gainean dugu, nahiz Erkidegoko galbahetik pasatu, apika, ezartzen ari da gure hezkuntza sisteman. Musika eta plastika lehendik ere kaltetuak, aukerakoak izatera pasatu al dira DBHn. Bada ordua ezetz borobil eta ozen bat esateko lege honi. Aldaketaren haizea aprobetxatuz, desmuntatu dezagun Kukutzako ekintzaileei eginiko epaiketa, edo, hobeto esan, fartsa. Non dago egin behar zuten eraikina? Boladaren inertziarekin, %21eko zerga itotzailea bertan behera bota dezagun, antzerki talde eta kultur ikuskizun nahiko utzi baitu bidean, kultura batzuen esku pribilegiatuetara pasatuz. Euskal kulturgintza kinka larrian dago, eta bada ordua administrazioak arlo hau ganoraz babestu eta bultzatu dezan, ekoizleei, sortzaileei, aktoreei, antzerki konpainiei, musikariei begira.

Inoiz, gutxitan jakiten dugu aldaketak noiz eta nola bermatzen diren, baina sikiera aprobetxa dezagun ekialdetik datorren haizea, eta egin dezala elurra, mara-mara.    

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!