Liliput

Euskadi literatura sariak banatu zituzten igandean. Han zegoen Bernardo Atxaga traje eta gorbatarekin, Nevadako egunak lanagatik lehen saria batzeko. Telebistaz irudiak ikusterakoan beste Bernardo bat etorri zitzaidan burura, orain 30 urtekoa

Oiartzungo sagardotegi batean elkartu ginen euskal kulturako hainbat eragile, tartean Atxaga bere ile kizkurrarekin, baina gorbata barik. Mahaian, sagardo eta intxaurren artean, gure indarra auzolana izan behar zela genion. Haize berria behar zuela euskal kulturak. Eta barre artean nondik putz egin eztabaidatzen gu. Atxagak haurrentzako antzerki obra bat idaztea eta guk antzeztea atera zen. Handik gutxira agertu zen obrarekin, eskuz idatzita koadrodun orrietan. Sinestezina sasoiotan.Gogoz hartu genuen gidoia, eta laster hartu zuen bizitza. Urte horien bueltan Kurutziaga ikastolan hasi nintzen lanean, eta, sartu bezain pronto, antzerki tailerra jarri genuen martxan. Urte haietan oso testu gutxi zeuden gazteekin antzerkia egiteko, eta Atxagak egindakoa maileguan hartu nuen, ikasleekin antzezteko. Institutuko aretoan egiten genituen emanaldiak, eta egindakoa ikustera etortzen ziren Durangaldeko ikastetxe gehienak. Hartu-emana ezin hobea izaten zen, eta ikuskizuna gazteen arteko elkargune bihurtzen zen.

Egun ez da horrelakorik gertatzen. Gure ikastetxeetan isolatuta, nekez joaten gara besteenera. Ez dakit non galdu dugun elkarlanerako edo elkar ikusteko gogoa, baina berreskuratu behar genuke. Badakizue aldrebes samarra naizela, baina, gure artean, nahiago gorbata gabeko Atxaga intxaur eta sagardo botilen artean, telebistako kameretatik urrun. PD: Liliput da Bernardo Atxagaren testu hura.               

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!