Butan Sorian dago

Badira urte batzuk, uda iristerakoan, bidaia bat prestatzen dudala bizikletan egiteko. Behar dudan guztia eramaten dut ibilbidea egiteko (lo-zakua, sukaldetxoa, kanpin-denda, arropa eskegitzeko soka, pintzak, xaboia, janaria…) Pisu larregi agian. Trukean, askatasun handia lortzen dut: asko merkatzen dudalako bidaia, eta nahi dudan tokian lo egin dezakedalako.

 Bidaiatzea ez da batere merkea, eta modu “alternatiboak” topatu behar ditugu. Nire poltsikoa zuloz beterik egon da aurten, eta Espainiako Estatuan zehar egin dut Gernikatik Alacanterako bidaia, kilometro askotan Cid zaldunaren ibilbideari jarraituta. Irten aurretik mapa eskuan hartuta, ibilbidea hainbat etapatan banatu, eta behar dudan guztia alforjetan sartu dut. Etxeko sukaldean irratia martxan dago, eta Roge Blasco Himalayan dagoen Butaneko herrialdeari buruz berbetan dago bidaiari batekin. Bidaiariaren esanetan, herrialde hori oso ederra eta lasaia da. Zibilizaziotik at egon denez, ia ez dago trafikorik, eta natura bere edertasun osoan agertzen da. Hori bai, bisa 200 euro ordaindu behar da bertan egiten duzun egun bakoitzeko. Hala ere, turismo mota baten muin bihurtu da. Irratia itzali, eta nire bidaiari hasiera eman diot. Arabak, Errioxak, Soriak euren ongietorria luzatu didate, bide bakarti eta trafikorik gabekoetan. Asko jota garia moztera edo batzera doan traktoreren bat. Kostata, baina altura irabazi dut: itsas gainetik 1.000 metro. Mendiek edo gari zelai amaigabeek inguratzen naute. Guadalajarako iparraldea zeharkatuz Teruelerantz noala, Rogeren irratsaioan entzundakoa datorkit burura. Paradisuak aurkitzen saiatzen gara hemendik oso urruti, eta ikaragarrizko dirutzak ordainduta, Butan Sorian dagoela jabetu barik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!