Gora III.Errepublika! Gora Eibar!

Azken egunotan gure agintari politikoak zein ekonomikoak lau haizetara zabaltzen ari dira krisi ekonomiko honetatik burua ateratzen ari garela. Gure larrutik ondo ordainduta! Horren lekuko proposatu dituzten neurriak: murrizketak hezkuntzan, kulturan, gizarte zerbitzuetan. Soldaten jaitsiera, lan baldintzen kaskartzea…

Dena, amaigabeko lehiakortasun baten mesederako eta, noski, euren dirusariak biderkatzeko. Krisi finantzarioa abiatu zenean, kapitalismoaren heriotzaren aurrean geundela zirudien, baina badirudi indartuta irten zaigula, eta bere goseak ez duela mugarik, eta, behin mozorro berrira egokituta, bere zerean jarraituko duela.
Diruan, metal preziatuaren inguruan oinarritzen diren balioak inposatzen dizkigute behin eta berriro. Herritarrak haserre gaude; minduta, hobeto esanda. Lotsagarria iruditzen zaigu gertatzen ari dena, eta morrontza horri aurre egiten saiatzen gara. Muturren aurrean duguna aldatu nahi dugu, baina ez dakigu zelan. Eredu berrien bila gabiltza, beste balio batzuetan oinarritzen direnak, beste gizarte bat posible dela aldarrikatzeko.
Hara non, II. Errepublikaren berria zabaldu zen balkoi beretik, Eibarko futbol taldeko entrenatzaileak, diruaren kulturatik at dauden beste balio batzuen bitartez, arrakasta posible dela erakusten digun. Talde-lana, berdintasuna, helburu bateratuak, gardentasuna… Ez naiz ni futbolzalea, baina balkoi horri begira gizarte berri bat posible dela sinesten dut. Gora III. Errepublika! Gora Eibar! 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!