Kristoren muntaia zen, kamioi-furgoneta bat mekano-tuboz eta kablez lepo iritsi ziren gure herrira. Herriko plaza txikia antzoki bihurtu zuten eta momentu hartara arte guretzako antzerkiak zuen erritmoa, testuaren erabilpena eta dramaturgia hankaz gora jarri zuten. Nahiz eta funtzio ezberdinak betetzen zituen estruktura bat eduki eszenatokian, orain gaztelu, eliza edo mendiko ibilbide bat izan, pertsonaiak edozein tokitatik agertzen ziren, plaza guztia izugarrizko espazio eszeniko bihurtuta. Ezin nuen sinistu: antzerkia egiteko forma berri baten aurrean geunden eta, gainera, gure herritik sortutako talde baten eskutik.
Gau hartan ikusitakoak benetan markatu ninduen eta antzerkia egiteko modu hura beti izan dut gogoko. Furgonan mekano tuboak, fokuak eta panpinak sartu, eta gelditzen diren zirrikituak telekin bete, eta bidera. Horrela Euskal Herriko bazter ugari ezagutu nituen, eta antzokia ez zegoen tokietan han geunden gure furgonarekin, plaza antzoki bihurtzeko.
Garaiak aldatu dira eta orain herrietan baditugu antzokiak eta, hala ere, Bareak jarraitu du bide berriak urratzen, horren lekuko Pabellon 6 sormenerako espazio eszenikoa. Ez dago, bada, geldi gelditzeko asmoarekin. Zorionak Ramon Barea.