Egunotan Lampedusa uhartearen inguruan itsas gainean zegoen gorpu bateri eskutitz hau aurkitu diote: “Bai gorpu bat naiz. Ez, ez naiz izurde, hegaluze ezta atuna. Ezta mare vostrum hau zeharkatzen duen hondakin bat, levante zakar batek bultzatuta.
Rokia dut izena eta nire semeak, Mali, Senegal, Burkina Faso, Niger, Nigeria, Guinea Bissau, Sierra Leona, Camerun… dira.
Emakume emankorra naiz eta nigan haziak behin eta berriro ernaltzen dira. Semeak baditut, pentsa zenbat iloba: Brasil, Granada, Belice Haiti, Jamaica…
Gure beso eta odolarekin trenbideak, kanalak, urtegiak, etxeak, errepideak eraiki dira eta agian zuen ipurdi azpiko aulkiak. Mare Vostrum honek mendeetan irentsitako gorpuen hezur guztiak kostaldera, lurrera, hondartzetara bota ezkero, ehunka zubi eraikitzeko materiala edukiko genuke: Alejandriatik- Atenasera, Omanetik-Marsellara, Sebtatik-Algecirasera, Tuniziatik-Siziliara, Goretik-Baiara, Mogadorretik-Rio de Janeirora…
Ez naiz izurde, hegaluze ez atun. Nire izena Rokia da.
Haserre, kokoteraino, minduta nago. Bor-bor daude nire zain eta giharrak, eta nahiz mila seme galdu, beste mila, hamar mila, ehun mila, prest daude harresia gurutzatzeko.
Kontaezinak diren mezuak bidali dizkizuet, sua odola eta kearen artean. Harriduraz begiratzen duzue gertatzen ari zaiguna, baina zuen begiradetan ez dago ezer, hutsik daude.
Zuek, bai zuek itsaso-hesi horren parte, zati bat zarete. Tanta bat gehiago banantzen gaituen ur eremu honetan.Altxa ipurdi horiek!!
Ez begiratu hortzemugaruntz, han ez baituzue erantzunik aurkituko, erantzunak zuen sabelean, urdailean, hesteetan daude. Hautsi aulkiak, eta birikiak ongi betez oihukatu zuek ez zaretela hesi honen adreilu bat. Zuen eskuetan dago. Ez naiz izurde hegaluze ezta atuna. Ezta mare nostrum hau zeharkatzen duen hondakin bat, levante zakarrak bultzatuta, nire izena Rokia da."