Hemendik gutxira, hilabete batzuk besterik ez, Karrika Antzerki Taldeak 15 urte beteko ditu. Hiru erakunde hauen babesa jaso zuen proiekuak bere hastapenetan: Durangoko Institutuarena, Kurutziaga Ikastolarena eta Berbarorena. Helburua garbia zen: gazteen artean euskal antzerkigintza sustatzea, eskaintza ireki eta parte-hartzaile bat bultzatuz.Martxan jarri zenetik, faktoria ez da geratu, eta hogeitik gora ikuskizun sortu eta plazaratu ditu. Berrehun gaztetik gora pasatu dira bertatik, aktore eta antzerki talde baten partaide izatea zer den esperimentatuta.
Une honetan, hogei partaidek ematen diote forma eta bizia proiektuari, eta nahiz eta kulturgintzarako une goxoak ez izan, han eta hemen gabiltza sortutako obrak taularatzen. Hilabete honetan Arrasate eta Elgoibarko oholtzak zapalduko ditugu, eta Debara eroango dugu Lurra Astinduz maiatzean. Beste kultur eragile batzuekin elkarlanean lortutakoak dira emanaldiok: Emakume Asanbladagaz, Gaztetxeagaz edota Memoria Historikoari loturiko taldekoekin harremanetan jarrita. Aipatzekoa da duela 75 urteko gertakizunek sortu duten jakin-mina eta lorturiko gaurkotasuna.
San Agustin kulturgunearen babesa eta berotasuna jasotzen dugu orain, eta duela hilabete eskas Inungane.Sustraiak Airean aurkeztu dugu Zilar Astean. Sekretu bat: lortu duguna, konpromisoari, talde lanari, militantziari eta antzerkiari diogun maitasunari esker lortu dugu.
Eskerrik asko urte hauetan guztietan ikusle izan zareten guztioi: zuek barik ez dago antzerkirik. Eta badakizue, jainkoak bedeinka dezala ikusten duena eta barkatu ikusi ez duena.