Orain dela bost hilabete alforjak, kanping denda eta sukaldetxoa bizikletan kargatu eta etxetik Marrakecherantz abiatu nintzen. Aurretik kilometro asko eta beti ilargia lagun, hegorako norabidea hartu nuen. Alforjak ilusioz kargaturik nituen eta burua, aldiz, zeharo nahastuta: urtean eginiko lanak, bueltan egin beharrekoak, sistema hau agortuta dagoela, krisi ekonomikoa, gidoi berriren bat idatzi beharra… eta erretzeari uzteko erabakia behingoz hartu behar nuela. Bizikletak badu horrelako "sen" ukitu bat, eta ideiak antolatzen joan nintzen.
Lehenengo helmuga Almeriako portua zen, eta gezurra badirudi ere, 1.400 km-an aipatzeko moduko trafikorik ez nuen aurkitu.Ibilbidea bigarren mailako errepideetatik egin nuen. Zer ezberdina den mundua autobideetatik edo bide nagusietatik at!
Albaceteko probintzia gurutzatzen, burua borbor, banketxeen kalterako bertatik diru guztia atera beharko genuela pentsatzen hasi nintzen. Gibraltarreko itsasartea gauak ematen duen babesarekin gurutzatu nuen, magrebiartarrez inguraturik, eta zubi bat behar zena zergatik bihurtu den hilerria pentsatu nuen zigarro bat konpartitzen nuen bitartean.
Bizkarra gero eta beltzago, Afrika hain gertu izanda, zergatik ez eman aukera eskoletan arabea ikasteko? Bide bazterrak, erreka ondoak, herriak, hiriak bizi-biziak aurkitu nituen, parkeak, kafetegiak, azokak…Herritarrek oraindik kaleak euren harremanetarako erabiltzen zituztela ikusiz, gu non demontre ezkutatzen garen pentsatzen hasi nintzen. Konturatu orduko hegoak irabazi ninduen eta Marrakecheko plazan nengoen,bizkarra,hankak eta sudurra beltz-beltz eginda. Dultzaina joleak, saltinbankiak, titiriteroak, tximinoak, eskribauak, dantzariak, petrikiloen proklamak, motorren zaratak agurtu ninduten eta nik harriturik, beste mundu bat posible dela pentsatu nuen.