Ez da egun asko Eduardo Galeano idazle uruguaiarra Bilbon egon dela. Sari bat jasotzera eta bere azken liburua aurkeztera etorri zitzaigun. Aitortu behar dizuet betidanik mirestu izan dudala eta sarritan, askotan, erabili eta itzuli izan ditudala bere testuak. Kapuscinskik Afrikako ateak zabaldu zizkidan bezala; Jack Londonek Iparramerikako eremu amaigabeak eta bertan sortzen ziren gatazka sozial zein identitarioak; Galeanok, Hegoamerikan eta munduan gertatutakoak hobeto ulertzen erakutsi dit.
Historiaren konplexutasunari uko egin barik, kontrara, berori aldarrikatuz, ikuspegi berri bat oparitu dit, digu. Ikuspegi horretan, herri txikiek, pobreek, baztertuek euren tokia errekuperatu dute, edo hobeto esanda, ukatu egin zaien argia izan dute historiako Galeanoren liburuetan.
Hegoamerika bizikletaz zeharkatzen ari ginenean Las Venas Abiertas de America Latina nola eskuratu nuen oraindik ere gogoan dut. Potosin (Bolivian) geunden eta, larunbatetan egiten zen azoka batean, han zeuden Galeanoren liburuak. Liburuak kopiak ziren, berriak oso garestiak ziren-eta. Ondoko terraza batean jarri eta irakurtzen hasi nintzen. Galeanok zorrotz eta umorez inongo gida zein historiako liburuetan aurkitu ezinezkoa zena kontatzen zigun, beste ikuspuntu bat, begi bistan genuenari beste zentzu bat emanez.
Bilbokora bueltatuz ,Galeanok liburu elektronikoen kontra zegoela adierazi zuen, betiko formatua gustukoagoa zuela. Txirrindulari-bidaiari honi orain dela gutxi e-book bat oparitu diote, alforjetan liburuen gainzama hori arindu nahian. Egia esaten badut, ni, bera bezala, ez naiz oso teknologia berrien zalea, baina bizikleta gainean pisu gehigarri hori igartzen da. Zer egin?
Tira, badut oraindik hilabete ezbai honi irteera emateko, eta eramatekotan bere beste adierazpen batekin bat eginez, zin egiten dut gauero irakurtzen dudana ozenki egingo dudala hitzek izarrekin jolastu dezaten.
Ongi etorri Galeano!!