Ulertu guran

Erabiltzailearen aurpegia Jone Guenetxea 2016ko api. 1a, 10:48

Bonbardaketaren ostean, eraso faxista hura errepikatu zitekeelakoan, idendifikatu edo erreklamatu gabeko 84 gorpu ahalik eta arinen hobiratu zituzten. Erabaki hori ulertzekoa da. Logikoa. Ulertzen ez dudana da 79 urte beranduago, hobi komun horiek ez ikertzea.

Durangoko hilerrian bonbardaketan hildako 84 pertsona bi hobi komunetan sartu zituzten. Hainbat herritako hilerrietan daude, edo egon izan dira hobi komunak. Durangoren kasuan, bonbardaketa ostean presaka identifikatu edo erreklamatu ez zituzten gorpuak bi hobi horietan sartu zituzten. Eraso faxista hura errepikatu zitekeelakoan, ahalik eta arinen hobiratu zituzten. Erabaki hori ulertzekoa da. Logikoa. Ulertzen ez dudana da 79 urte beranduago, hobi komun horiek ez ikertzea. Honekin ez dut inor kritikatu gura, ez instituzioak ezta norbanakoak ere. Hala ere, Durangoren kasuan, ulertu gura nuke, frankismo sasoia atzean utzi eta gero, zergatik inork ez dion  hobi komun hauen gaiari heldu. Izan ere, pertsona horietako batzuk identifikatu egin zituzten. Familia horiek bazekiten bonbardaketan hildako senitarteko horren gorpua bertan sartu zutela, edo presaren presaz ez zieten ezer komunikatu? Ulertu gura nuke.

Atzo bertan, hobi komun horiek dauden gunearen ondotik hainbat pertsona pasatu ziren bonbardaketan hildakoak oroitzeko. Jakingo ote zuten hor nonbait, lurpean, sekula ikertu gabeko hobi komunetan 84 gorpu daudela. Umeak, milizianoak, edadeko pertsonak... Enterratzaileak berarekin eraman zuen hilerriaren sarreran ezkerretara dagoen berdegune horretan hobiak eraiki ziren leku zehatza. Momentua izan daiteke gune hori aztertu eta batez ere duintzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!