Kontraesanean

Idazle eta rockero ezagun biri elkarrizketa kazetariak. Galdetu die politikaz, euskararen inguruan... Gazteleraz egin du lehenengo, kantariak ez baitaki euskaraz. Bata eta bestea. Gero euskaraz hasi da idazlearekin. Beste edozeren gainetik, zentzu kritikoa eta sentsibilitatea behar dela dio idazleak. Hori gustatu zaio kazetariari; gogoan hartzekoa, benetan.

 

Aurrera egin eta “biok euskararen aldekoak izan zarete”, bota dio idazleari. Eta aghhrr! Urduri ipini da idazle hori… Berarentzat euskara, ura arrainarentzat bezala dela dio… edo antzeko zeozer. Berezko duela, eta bera ez dela sekula izan “euskararen aldeko”.

Akabo. Zergatik galdetu ote dio horrela? Ez zen errazago izango “euskarari buruz zer?” edo halakoren bat botatzea?

Deseroso sentitzen dela esan du idazleak, eta “agur eta agur”. Amaitu da elkarrizketa.

Bere buruarekin haserre doa kazetari koitadua. Grabazioa entzuten hasi da. Gaztelerazko zatia entzun du, eta “ zer?”. Atzera bota du berriro. Ez, ez dabil oker. Ondo entzun du. Idazleak “sí, nosotros hemos estado a favor del euskara” dio, hitzez hitz, gero euskaraz kontrakoa esan badu ere.

Akabatu egingo luke. Baina horren ordez, zentzu kritikoa euki gura duenez, hauxe idatzi du kazetariak; eta sentsiblea denez, ez du idazlearen izena esango.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!