Aukera lehenetsi legez, Spain dakar. "To, to, ezta hurrik eman ere", neuk neure artean. Herrialdeen izenen artean bila hasi, baina Euskal Herririk ez. Beste bat aurkitu behar. Gora eta behera, eta ia konturatu barik, kurtsorea zoriaren esku utzita, Zinbabwen geratu naiz. Eta tira, badiot, “Euskal Herrikoa ezin banaiz izan, ba, ze kristo! Zimbawekoa”.
Eta horregatik Jasone Agirre Zimbabwekoa naiz aspalditik hona. Herrialde pobre eta ustelduenetako batekoa naiz orain, zoriak hala aginduta (Espainiakoa izatearen antzera, egia esateko; hau negozioa...). Txorakeria bat, gipuzkoarrek esaten duten bezala.
Lehengoan, baina, ustekabea. Miren Agur Meabek, Berriako zutabean zinbabwetar baten liburuaz ziharduela, Zimbabwe izenaren jatorria aipatu zuen. Laurogeiko hamarkadan Rhodesia izateari utzi, eta antzinako deituratik berreskuratu ei zuten izena, Dizmba dza mabwe-tik. Harrizko etxea esan gura duela azaltzen du Meabek. Eurentzat ere, geuretzat legez, harriak balio sinboliko handia. Zelako apetatsua den zoria...