Terraza batean jarrita dago. Aurrean bermuta eta azeituna plater bat. Antxoadun olibak dira. Begira-begira geratzen da. Nork demontre asmatuko ote zituen azeituna beteak? Derrepentean bururatuko zitzaion, edo eboluzioaren ondorio ote dira? Ze teknologia erabili ote zuen? Hezurra atera, antxoa zatia sartu.
Eta zergatik antxoa eta ez beste ezer? Gero oliba zatia berriro sartu zuloa estaltzeko. Miragarria. Zorotzat hartuko ote zuten, edo bisionariotzat? Gizonezkoa izango zen ala andrazkoa? Agian emazteari bururatu baina senarrak aterako zuen argira asmakizun xelebrea. Berarentzako ospea. Ez litzateke lehen aldia izango. Aberastuko zen agian, edo jaio bezala, pobre hil.
Oliba bat eraman du ahora, eta bermutari txurrut egin dio. Eta pentsatu du balentria behar dela ideia zoroak egi bihurtzeko. Uste du azeituna beteak asmatu zituenak bezalakoak beharko liratekeela geure mundu txiki hau iraultzeko. Zoroak edo bisionarioak baina, edozelan ere, ausartak. Ausarta izan behar delako betikoa eta betikotzat duzuna zulotu, hustu, bete, estali, eta gutizi bihurtzeko.
Eta horretan dabilela pentsatu du: “Zenbat oliba alperrik galduko ote zituzten zuloa egiten asmatu arte?”. Batek badaki.
Azken txurrutada da. Gaur ere larregi edan du.