Udal hauteskundeak 2015

Udalbatza eraketan Iñaki Totorikaguenaren diskurtsoa

Erabiltzailearen aurpegia Iurretako EAJ 2015ko eka. 17a, 23:58

Ekainaren 13an goizeko 9,00etan eratu zen Iurretako Udalbatza 2015-2019 legealdiarako. Hauek izan ziren Iñaki Totorikaguena Sarrionandiaren hitzak Alkatea izendatu zutenean.

Zinegotziok, jaun-andreok: 

Lehenik eta behin , eskerrak etorri zareten guztioi.


Ziur nago guztiok partekatzen dugula herrian zinegotzi izatearen, eta, nire kasuan, Iurretako alkate izatearen emozio, harrotasun eta erantzukizuna. Iurretarrek nigan eta gu guztiongan jarritako konfiantza dela-eta, karguan hirugarren aldiz egoteak ez ditu nire emozio sentipenak aldatuko. Hori guztia dela-eta, aurreko maiatzaren 24an heldutasun demokratikoaren eredu izan ziren iurretar guztiei zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiet.

Lehenik eta behin, nola ez, zinegotzi guztiak hautaketagatik bihotz-bihotzez zoriondu behar ditut. Ongietorria guztiei eta bereziki udal honetara gehitzen diren horiei: Xabier, Eskarne, Amaia, Julián, Itxaso, Oskar eta Zorione. Erronka eta betebehar garrantzitsua daukazue, are gehiago gaur egun, politika kontuak errezelo eta mesfidantzarekin begiratzen baitira. Guztion artean frogatu behar dugu gure asmo bakarra erakunde hau hobetzea dela, eta motibatzen gaituena gure herritarren interesa baino ez dela.


Alkate naizenez gero, zuen esanetara egoten jarraituko dut, are konpromiso handiagoarekin, posible bada, eta beti gehien behar duten horien alboan egonez. Nire ahalegin eta gaitasun guztiak gure udalak Iurretako gizarte-, ekonomia- eta kultura-dinamizatzaile nagusi bezala duen rola sendotu eta indartzera zuzenduko ditut, betiere, baliabide publikoak era eraginkor, arduratsu eta gardenean kudeatuz. Gainerako taldeak hobekuntzarako betebehar honetara batzera gonbidatzen ditut.

Geure gobernu programa iurretar guztien esku dago, eta prest gaude programa horri dagokionez gainerako oposizioko talde politikoekin lan egitera, ahaleginak eginez ahalik eta akordio kopuru handienera heltzeko. Hemendik eskua luzatu nahi diet gainerako taldeei, eta geure gogoaren gidari beti elkarrizketa izango dela ziurtatu nahi diet, nahiz eta desadostasunetik izan, eta seguru nago horrela izango dela aipatutako taldeentzat ere.
Iurretarrei udaleko gaietan parte-hartze aktiboa eskatuko nieke, antolatzen diren foroak aprobetxatuz, edo beste edozein bideren bidez. Orain arte bezala nire posta elektronikoa zabalik egongo da kexak, iradokizunak, ekimenak proposatu nahi dituen edozein herritarrentzat eta nire bulegoko atea ere zabalik egongo da nahi duenak egokitzat jotako oharrak egin ditzan.

Hitzaldia bukatzeko kargua utziko duten zinegotziak oroitu nahi ditut, eta eskerrak eman nahi dizkiet azken lau urteetan egindako lanagatik: Nacho, Alberto, Amatza, Mikel, Zorion eta Txomin. Eskerrik asko zuen lan eta dedikazioagatik.


Zuen baimenarekin, Iñaki Gil bereziki aipatu nahiko nuke, 12 urtez zinegotzi gisa lanean aritu ondoren hark ere uztea erabaki du-eta.Denbora honetan, une zailetan (eta horrelakoak ere izan dira) asko lagundu dit; nire alboan egon da beti ni lasaitzeko edo, nire gustukoa izan ez bada ere, iritzirik egokiena emateko. Eskerrik asko Iñaki, abentura berri honetan faltan botako zaitut.
Eskerrik asko denoi zuen laguntzagatik, eta jakin ezazue aurretik lan egiteko dauzkagun lau urteetan zuen esanetara egongo naizela edozertarako. Eskerrik asko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!