Zeruan edo infernuan ate joka ibili beharra ez da lan erraza. Baina behin eta berriz egiten dugu. Kolpez kolpe, hautsa astinduz eta sei sokak lagun ditugula tranpaldora ateratzen gara. Azken guda dantza bailitzan. Hurrengorik egongo den jakin gabe. Ikusleari zuzen begietara begira esaten diogu zutik jarraituko dugula. Inork ez gaitu isilduko. Eta bulegoetan gure kontura patrikak betetzen dituztenei, astiro eta amorruz, mendekua egongo dela esango diegu belarrira.
Negu gorri ugari pasa beharko ditugu, baina negua joan dela esango dugu lau haizetara. Udaberriak berriz ere loratuko du geroaren hazi hezia.
Iritsiko da noizbait ilargiak eztanda egingo duen eguna, azken eguna. Zerutik, lainoetatik behera, izarren hautsa eroriko dena. Malkoak isuriko dira itsaso zabalean eta munduan zehar ibiliko dira. “Morphina arren!” oihukatuko dute askok handikeriak sortu dien mina pairatzeko. Eta azken hatsa eman arren, etsi gabe jarraitu duenak, sakon hartuko du arnasa. Gau iluna amaituko da, eta garaipenaren eguna iritsiko da.