Amaitu da denboraldia, eta gehienetan denboraldian egindakoa aztertu ondoren pare bat asteko atsedenaldia behar izaten dugu indarberritzeko (pentsatu beharko genuke atsedenaldi horiek behar izatearen zergatia).
Atsedenaldia amaituta, datorren denboraldia hobeto prestatzeko eta egindako akatsei konponbidea aurkitzeko epea hasiko da. Hori izan da beti nire asmoa, baina aurten nire plana aldatu behar izan dut.
Bastidan ANEFSek antolatutako kongresuan egotea aukera ezin hobea zen nire ezagupideak areagotzeko, han zirelako momentuko entrenatzaile onenetariko asko. Baina inportanteena ez da han ikasitakoa, nahiz eta asko izan, baizik eta kirolagaz eta lehiaketagaz batera eskaintzen digun hainbat baloretan sakontzea (bizikidetza, hartueman pertsonalak, autokritika, apaltasuna, adeitasuna, kiroltasuna… ). Hango kide eta txostengile batzuk (askok txapelketetan aurkari) hiru egunetan lagun bihurtu baitira.
‘Duda’-rekin batera (El Pozo Murcia-ren entrenatzailea), ANEFS txapelketan Euskadiko delegazioarekin jokalari bezala parte hartzeko aukera, Diego Riosekin (Azkar Lugo) bazkalondoa partekatu, Pep Marirekin (kirol psikologo ezaguna) edo Xuxorekin (Galdar) izandako solasaldiak, eta beste hainbat esperientzia aberasgarri bizi izan ditut.
Eskerrik asko ANEFS, hemendik aurrera ez dut ahaztuko zergatik naizen entrenatzailea. Helburua ez da onena izatea, jokalari hobeak egitea baino, eta bide batez, gogoko dudan kirolagaz gozatzea, horrek gainerako helburuak lortzera bultzatuko nauelako.