Txapelketaren zurrunbiloan

Euskaldunak zerbait badu, dena zalantzan jartzeko eta dena eztabaidagarri bihurtzeko gaitasuna da. Ez diot zerbait negatiboa izango balitz lez, izan ere herri honetan dugun jarrera kritikoak, eraldatzaileak eta eraikitzaileak (nahiz eta suntsitzailetik ere badugun dezente) jartzen ditugu praktikan, eta historikoki euskal eskuina nagusi den arren, herri honek badaki zer den onargarria eta zer ez, lege eta moral sozialetik harago doazen ideiak zeintzuk diren eta zeintzuk ez. Baina euskaldunok badugu bertute bat munduagaz amankomunean: dena eztabaidatzea, sarri testuingurua behar bezala ezagutu barik.

Joan zen asteburuan Donibane Garazin egon nintzen Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa entzuten. Saioko garaile Oihana Iguaranek apustu pertsonal sendoa egin zuen, hitanoz abestu baitzuen saioaren zati handi batean. Bada, Twitterren mundu magikoan irakurri nuen ea zergatik egin zuen toka, eta ez noka, euskal gizartearen erakusle bat ote zen mutilekin toka egitera ausartzea eta Nerea Elustondogaz egin zuen ariketan noka ez egitea. Ez da gai txikia, oso interesgarria baizik. Baina ez duzue uste, iritzirik emateko, testuingurua jakin beharko genukeela lehenbizi? Zer hitz egin zuten bertsolariek saioaren aurretik? Halere, nik dakarkidan galdera da: zergatik txapelketan?

Bertsolaritza txapelketetatik ahalik eta gehien aldentzea izan ohi da bertsolaritzaren helburua, nahiz eta gaur egun bertsolaritzaren zati batek txapelketaren beharra duen, plaza gehiago edukitzeko aukera sor baitezake, eta urte osoan kantatzen ez duenak txapelketan erakus dezake zertarako gai den. Baina gaiok sasoi honetan plazaratzeak txapelketaren garrantzia berrestea ekartzen du. Beste kontu bat izango litzateke Iguaranek abantaila aterako balu toka abesten, eta hor beste gai bat aterako litzateke, erregistroena, baina ez da kasua. Gaiak berak badu nahikoa mami lehenago edo geroago jorratu zedin.

Bertsoa txapelketatik aldendu gura dugu, baina debateak txapelketan sortzen dira. Gaian izan dezakedan iritzia alde batera utzita, plazaratu dezagun gaia beste eremu batzuetan. Aprobetxa ditzagun plazak debatea sortzeko, bertsoa txapelketa heldu ezin daitekeen lekuetara heldu daiteke eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!