Erasoei stop

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Agorria (PSE-EE) 2018ko ira. 29a, 07:00

2017ko urrian EraStop-AgreStop aplikazioa jarri genuen abian, zerbait egin behar genuelako erasoen aurrean: geldiarazi nahi genituen, geure burua babestu.

Herritar guztiek dute eskura aplikazioa, erasoak salatzeko edo lagun egiteko, baina berariaz diseinatuta dago emakumeak ahalduntzeko. Tresnak aukera ematen digu lagunduta joateko, eta eraso bat ikusten badugu, baten batek eraso egiten badigu edo horretan saiatzen bada, horren berri emateko.

Mugikorra oso gailu arrunta da, normalean eskura izaten duguna. Aplikazio honi esker, mugikorra oso tresna egokia da kaletik seguruago joan gaitezen, lagunduta, batez ere urduritasunez beteriko une horietan, jaietan edo asteburuetan, etxera gauez itzultzen garenean.

Bertsio berriak bi botoi ditu: Lagundu botoiaren bidez, aplikazioa deskargatuta duen zure kontaktuen zerrendako lagun edo senide bati eskatu ahal diozu zurekin birtualki joateko. Poliziari abisatu botoia larrialdikoa da. Sakatzean, alarmak joko dio poliziari zure geolokalizazioarekin, eta, beraz, berehala bidaliko dute patruila zuregana, lehentasun osoko eraso-salaketa bat delako. Horrez gain, eraso bat ikusten baduzu, aplikazioa oso lagungarria da, hori salatu eta zerbait egin ahal izateko.

Aplikazioa ez da tresna isolatu bat. Eraso matxisten kontrako herritarren itunaren parte bat da. Izan ere, itun hori eta beste neurri batzuk jarri dira abian Durangon, kontzientzia pizteko, eta herritarrak inplikatzeko eraso eta jarrera sexisten aurrean. Neska gazteei gonbit egin nahi diet, aplikazio hau deskarga dezaten, gainean ditugun San Fausto jaietan segurtasun gehiagoz gozatu ahal izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!