Lankidetzaren bidez ahaldundu

Durangok aurrekontuaren %0,7a bideratzen du garapenerako lankidetzara, zeinbat proiekturen bidez. Proiektu horietako gehienen lehentasuna da lanabesak ematea, onuradunek proiektuak egin ahal izan ditzaten etorkizunean gure laguntzarik gabe, eta onura ekonomikoak, sozialak edo kulturalak lor ditzaten haien bidez.

Kultura-arloko lankidetzako proiektu txiki horietako bat Garabideren bidez egingo dugu. Prestakuntza, esperientzia eta adorea dituzten zenbait durangar Kolonbiako oihaneraino joango dira, nasa yuwe komunitateari hizkuntza-tresnak emateko. Haien hizkuntza indartzeko tresnak dira, gaurdaino hizkuntza hori ahoz transmititu baita denboran barrena, beste asko bezala, eta ez baitu behar bezalako gramatikarik landu.

Horrenbestez, hizkuntza- eta eskola-arloko estrategiak emango dizkiegu, euskara berreskuratzeko prozesuan eta helduen irakaskuntzan metatu ditugun estrategiak. Horiek baliagarriak izango zaizkie beren hizkuntzari, kulturari, mundu-ikuskerari eta munduarekin erlazionatzeko duten era bereziari eusteko.

Bestalde, euskal eta nasa eskola-komunitateak -haurrak, gurasoak eta irakasleak- aberastu egingo dira elkarren arteko harreman horrekin, haiek ere mundu-ikuskera desberdin bat ekarriko digutelako. Munduko Hizkuntza Ondarerako UNESCOren Katedra ere elkarlanean ari da proiektuan.

UNESCOren arabera, mende honetan 2.500 hizkuntza galduko dira. Hego Amerika eta Asia dira kalterik handiena izango duten kontinenteak. Hizkuntzalarien ustez -eta neuk bat egiten dut haiekin-, hizkuntza bat desagertzen denean, komunitate baten sentitzeko modu osoa galtzen da, bai eta naturarekin eta munduarekin erlazionatzeko era, ohiturak eta kultura ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!