Beldurrak badu generoa

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Agorria (PSE-EE) 2016ko aza. 11a, 08:30

Herri ederra da Durango, oso harro eta maiteminduta nago hartaz, baina badu zer hobetu, eta nahitaez egin behar da.

Emakumea naizen aldetik, premiazko arazoen artean, ezatseginak diren edo ondo argiztatuta ez dauden aldeak aipatu behar ditut, babesgabetasuna eragiten dutelako. Emakumeok, sexu-erasorik gehienen xede garenok, beldurrez ibiltzen gara.

Emakundek oraintsu argitaratu duen azterketak aurrez genekiena egiaztatu du: beldurrak baduela generoa. Emakumeontzat espazio publikoa leku babesgabea dela eta segurtasunik ez duela. Horrek ondorio emozional txarrak ditu, eta gure askatasuna mugatzen du ia egunero. Egunero sentitzen dugun beldur hori genero indarkeria mota bat da berez.

Hala ere, laguntza eman dezakegu mota honetako indarkeria gutxitzeko, azaroaren 11n, 18:00etatik 21:00etara, behaketa egiteko egingo den ibilaldian parte hartuta. Gure ibilbideetan dauden puntu beltzak markatu behar ditugu, gero konponbideak proposatzeko.

Gainera, hirigintzako plangintzaren bidez arriskutsuak izan daitezkeen espazioak saihestu ahal ditugu, kontzientziazioko kanpainak bultzatu jazarpenaren eta sexu-erasoen kontra, estrategiak zabaldu beldurrari aurre egiteko, prestakuntza eman harremanetan dauden mugei buruz eta ahaldundu autodefentsako ikastaroak eginez. Ildo horretatik, zabalik dago epea 12 eta 20 urte arteko gazteentzako autodefentsako ikastaroan izena emateko, Andragunean. Eman diezaiogun bukaera beldurrari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!