Akordioak, diskurtso hutsen aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Agorria (PSE-EE) 2016ko mai. 13a, 08:30

Herritarrek ezin dute ulertu alderdiek —haien ordezkariek— ahal den guztia ez egitea akordioak lortzeko. Ezin dute ulertu gu gai ez izatea gobernua eratzeko edo aurrekontuak aurrera ateratzeko.

Akordio garrantzitsuak, esate baterako, orain arte ahaztuta egon diren auzo batzuk eraberritzeko —Aramotz edo Antso Estegiz—, edo enpleguko plan berriak abian jartzeko, edota ikastetxe batekin hitzarmena sinatzeko... Akordio garrantzitsuak Durango aurreratzeko, arazoak konpontzeko eta durangarren bizi-kalitatea hobetzeko.

Alde batetik, SQ_D2-ren jarrera kritikatu nahi dut, lan egiteko gogo gutxirekin eta diskurtso lauso batez, uko egin diolako negoziatzeari eta akordioak kritikatu dituelako. Lan egiteko gogo gutxi duela esan dut, hasieratik bertatik, batere asmorik ez baitu izan negoziatzeko. Eta aurrekontuari egin dion ekarpen bakarra bi zuzenketa partzial eta osoko zuzenketa bat izan direlako. Ikusten denez, denbora gutxi eman dute Durangon dauden beharrizanak aztertzen, betiko diskurtso hutsetatik harantz joz.

Eta, bestetik, eskerrak eman nahi dizkiet udalbatza honetako pertsonei, alderdiko interesak alde batera utzi, eta gai izan direlako, aste luzez eseri, eta Durango hobetzeko proiektuak dituen aurrekontua aurrera ateratzeko. Aurrekontu horrekin, denon artean lan egiteko, eta zerbitzuen funtzionamendua, herria eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!