Egilea erantzule

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Agorria (PSE-EE) 2016ko urt. 22a, 08:30

2015ean eraildako emakumeen kopuru ofiziala 56 zen, baina 2016an handitu egin da kopuru hori, emakume baten eta zortzi urteko alabatxoaren heriotzen ikerketak izandako emaitzen argitan. Horrenbestez, matxismoaren biktima ofizialak 57 dira, biktimen seme-alabak, amonak eta amak ez baitira aintzat hartzen, urtero, urtarrilaren 1ean, hutsetik abiatzen den zorigaiztoko kontagailuan.


2016an, 5 emakume dira dagoeneko indarkeria matxistaren ondorioz hildakoak. Alde batetik, eraildako emakumeen kontagailua handituz doa pixkanaka, eta, bitartean, beste aldetik, urteko lehenengo adierazpen matxistak entzun ditugu, Toledoko artzapezpikuak pulpitutik botatakoak: “sarritan, erantzun matxista izaten da, aurrez emakumeak banatzeko eskatu duelako” eta “emakumeak erailtzen dituztenek emakumeen inposizioak onartzen ez dituztelako hiltzen dute”.

Hala ere, ez matxismoak, ez adierazpen matxistek ez dute inolako mugarik. Alemanian, Kolonia hirian, sexu-erasoen bolada baten ondorioz, ehunka salaketa jaso ondoren, poliziak eta hiriko alkateak jokabide-aholkuak eman zizkieten emakumeei: “Beti dago tarte bat uzteko aukera, beso bateko tartea. Eta ez hurbildu arrotzengana edo konfiantzazkoak ez diren horiengana”, hala adierazi zuen alkateak, eta taldeka joateko, eta jaiaren beroan batekin edo bestearekin ez joateko gomendioa ere eman zuen.

Era horretako adierazpenak dira matxismoaren arrazoia, haiek iraunarazten dute matxismoa. Esan ozen, argi eta garbi, hemen eta Alemanian, denok entzun eta ulertzeko moduan: Erantzukizuna ez da emakumeena, egileena baizik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!