Aste beltza

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Agorria (PSE-EE) 2015ko aza. 20a, 08:30

Aste beltza izan dugu, alde batetik, Parisko atentatu terroristengatik, eta, bestetik, 7 egunean 7 emakume hil direlako, beren bikotekideek eraila, aurreko asteburuan Madrilgo kaleetan sekula izan den manifestazio feministarik jendetsuena izan ondoren. Paradoxikoa, zenbat eta manifestazio gehiago egin, orduan eta sarriago hiltzen gaituzte. Paradoxikoa ere, manifestazio jendetsu horrek hain leku gutxi edukitzea hedabideetan.


Leku gutxi eta kalitate ezin txarragoa. Hilketa matxista baten ondoren -hain zuzen, Carmenen hilketaren ondoren-, hedabide batek izenburu hau jarri zion albisteari: “Senar-emazteen auzoek eta lagunek diotenez, bikote arrunta zen, jende ona”. Eta albiste berean, adierazpen hauek irakurri ahal izan genituen: “Zerbait pasatuko zitzaion” eta “ez du tratu txarren emailearen soslaia”.

Albiste horrek kalte handia egiten dio genero-indarkeriaren kontrako borrokari. Errealitatea itxuraldatzea da egunero sare sozialetako adierazpenetan eta izenburuetan ikusten ditugun iruzkinek duten helburu bakarra. Gizarte matxista eta inguruan dugun desberdintasuna sustatu, eta hiltzailea babestu, zaindu eta zuritzen dute.

Matxismoa da gure gizartearen izurria, desberdintasunean oinarritzen delako; eta hedabideek nola edo hala mozorrotu behar dute, normaltasunaren itxura izan dezan.

Hedabideek ezinbestez eta berehala aldatu behar dute jarrera hori, eta eragile aktiboak izan behar dute, desberdintasunari eta matxismoari aurre egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!